Urbitarte auzoko jolas parkea guztiz berrituko du udalak
2026/05/20
Urbitarte auzoko haur parkeak itxura erabat berria izango du laster. Izan ere, udalak gaur egungo parkea kendu egingo du, eta jolaserako elementu berriak jarriko ditu: habia motako kulunka bat; malguki jolasak, txirristadun egitura...
80 metro karratuko eremua hartzen du Urbitarteko jolas eremuak. Parke berriko lanak Garra enpresari esleitu zaizkio, eta bihar hasiko dira lanean. Parke zaharra desmuntatu ahal izateko, eremua hesitu egingo dute, eta datozen egunetan hiru aparkaleku ez dira erabilgarri egongo (edukiontzien ondokoak).
Garmendiko parkea, amaituta
Umeen garapenerako funtsezkoak dira parkeak, jolasa, mugimendua eta harremanak sustatzen laguntzen dutelako. Ugari daude Azpeitian, adin tarteka egokituta. Urbitarteko lanei ekin aurretik, Garmendi auzoko parkea amaitu dute, eta dagoeneko erabilgarri dago.
Aurrera begira, igerileku aurrean egin duen estalpe berrian ere jolaserako elementuak jartzeko asmoa du udalak. Horrez gain, etengabe jarraitzen du gaur egun dauden gainerako parkeen mantenu lanekin ere.
