Itzulpen automatikoa / Machine translation

  • Ingurumena
  • Energia

Urola Erdiko sei udalerriek 'Urola Erdia ispiluaren aurrean'  kanpaina aurkeztu dute

2025/12/17
Iraurgi Berritzen, Laien eta Azpeitia, Azkoitia, Zestoa, Beizama, Aizarnazabal eta Errezilek herritarren esku jarri dute eskualdeko erronka sozial eta ingurumeneko nagusiak modu ulergarrian azaltzen dituen kanpaina bateratua. 'Urola Erdia ispiluaren aurrean' ekimenak eguneroko erabakiek – nola mugitzen garen, nola berotzen garen edo zer erosten dugun – etorkizuneko Urola Erdian izango duten eragina azaleratu nahi du.
Urola Erdiko sei udalerriek 'Urola Erdia ispiluaren aurrean'  kanpaina aurkeztu dute

"Eskualdea ispiluaren aurrean jarri nahi dugu: non gauden ikusi, eta elkarrekin zer egin dezakegun hausnartu, inor atzean utzi gabe", adierazi dute udal ordezkariek.

Begirada integrala: energia, mugikortasuna eta zaintza

Kanpainaren edukiak bost ardatzetan antolatu dira: energia eta klima, mugikortasuna, lehen sektorea eta tokiko ekonomia, paisaia eta biodibertsitatea, eta eguneroko erabakiak eta komunitatea. Azken urteotan udalerrietan egindako diagnostikoetan oinarrituta, datu hurbilen bidez azaltzen da zein joera dauden eta zein aukera dituen eskualdeak norabidea aldatzeko.

Mugikortasunaren atalean, adibidez, herri barruko eta herrien arteko mugimendu-patroiak azaltzen dira, auto pribatuaren presentzia handia agerian utziz eta oinez, bizikletaz edo garraio publikoan ibiltzeko aukerak indartzera gonbidatuz. Lehen sektoreari eta tokiko ekonomiari lotutako edukiek baserri-sarearen garrantzia eta azokek nahiz merkataritza txikiak duten balio ekonomiko eta soziala azpimarratzen dute.

Kale-panelak, eskuorria eta paisaiaren etorkizuneko irudiak

Kanpainaren euskarri nagusiak honako hauek dira:

  • Udalerri guztietako kaleetan jarriko diren informazio-panelak. Panel bakoitzean mezu labur eta ulerterrazak jasotzen dira, udalerri bakoitzeko datu esanguratsu bakarra (“zergatik hemen?” galderari erantzuteko aukeratua) eta herritarrek beren egunerokoan txerta ditzaketen ekintza txikiak.
  • Etxe guztietara iritsiko den eskuorria, panelen edukiak sakontzen dituena eta udalerrietan egindako azterlanen ondorio nagusiak biltzen dituena.

Gainera, Urola Erdiko hainbat gune esanguratsuren gaur egungo irudiak etorkizuneko klima-egoera gogorragoetan izan dezaketen itxurarekin alderatzen dituzten argazkiak prestatu dira. Helburua ez da alarma sortzea, baizik eta modu bisual eta ulerterrazean adieraztea zergatik den garrantzitsua orain erabakitzea zein bide hartu.

Tokiko diagnostikoak

“Urola Erdia ispiluaren aurrean” kanpainaren abiapuntua azken urteotan egindako lan zabalak dira: energia eta klimaren, mugikortasun jasangarriaren, lehen sektorearen, paisaiaren eta biodibertsitatearen arloko plan eta diagnostikoetan.

Genero Ikuspegia ere txertatu du kanpainak.

  • Zaintzarekin lotutako denboren eta joan-etorrien banaketa bistaratzen da, eta azaltzen da nola eragiten duten garraio, energia edo kontsumo erabakiek pertsonengan, generoaren, adinaren edo egoera sozioekonomikoaren arabera.
  • Hizkera inklusiboa eta irudi-aniztasuna erabiltzen dira, estereotipoak saihestuz.

Hurrengo urratsak

Panelak kalean jartzea eta eskuorria banatzea dira sentsibilizazio fasearen lehen urratsak. Aurrerago, udalerriek ekintza osagarriak aurreikusten dituzte, besteak beste, umore-ukituko bideo laburrak eta gai zehatzen inguruko ekimenak.