- Ingurumena
Urola eta Ibaieder ibaiak garbitzen ari dira egunotan
2025/12/16Zubi inguruetan ari dira lanean Basoinsa enpresako langileak. Atzo hasi ziren, eta hiruzpalau egunean ariko dira garbiketan.
Amuko Zubiko, San Martin Estratako, Azoka Plazako, Enparan Dorretxe ondoko eta Julian Elortza kaleko zubien inguruan ari dira lanean.
Hiru helburu nagusi dituzte garbiketa lanek:
- Uholde arriskua murriztea (sastrakak eta zuhaitz enborrak gurutzatzearen ondorioz zubiak buxatzea saihestuz).
- Ibaiertzeko landarediak betetzen duen funtzio ekologikoa zaintzea (faunarentzako babeslekua, higaduraren kontrola, tenperaturaren erregulazioa, etab.).
- Landaredi inbaditzailea eta aloktonoa ezabatzea.
Helburu horiek lortu ahal izateko, bost metrotik beherako garaiera duten zuhaitzak moztu edo kendu egingo dituzte; bost metrotik gorako garaiera duten zuhaitzen azpialdeko adarrak kimatu egingo dituzte; egur hilak ibaitik aterako dituzte; sastrakak garbituko dituzte; eta landare inbaditzaile eta aloktonoak kendu egingo dituzte.
