- Ingurumena
Urola ibaiari buruzko solasaldia antolatu du udalak
2025/11/13Azpeitia erdi-erditik zeharkatzen du Urola ibaiak. Asko aldatu da azken urteotan, eta herritarrak aldaketa horren lekuko zuzenak izan dira. Agerikoa den bezala, duela urte batzuk baino garbiago datoz urak. Landareek ere presentzia handiagoa hartu dute, korridore ekologiko moduko bat sortzeraino. Aldi berean, ordea, zenbait kezka ere badaude, adibidez, uholde arriskuei lotuta.
Azpeitiko Udala jakitun da herritarrei interesa eragiten diela Urola ibaiaren egoerak, eta hari buruz hitz egiteko solasaldi bat antolatu du. Datorren asteazkenean (azaroak 19) izango da, 18:30ean, Azoka Plazako aretotan (1. solairua).
Iñigo Citores Ura agentziako kideak, Mikel Sarriegi Basoinsa ingurumen aholkularitzako kideak, Aitor Larrañaga EHUko irakasleak eta Joanes Amenabar Azpeitiko Udaleko Ingurumen batzordeburuak parte hartuko dute.
Hainbat ertzetatik helduko diote Urola ibaiaren egoerari. Besteak beste, puntu hauek landuko dituzte:
- Ibaiertzeko landarediak ur emarian duen eragina
- Urola ibaiari buruz egindako azterketan ateratako ondorioak
- Berriki egin diren eta egitekoak diren esku hartzeak
Herritarren galderentzat ere izango da tokia.
