Urritasun intelektuala duten gazteek ere udako aisialdi programaz gozatzeko aukera izango dute aurten lehen aldiz
2026/06/08
Uda gerturatzen joan ahala, planak egiten hasteko unea izaten da haur, nerabe eta gazte gehienentzat. Izan udalekuak, kirol jarduerak edo bestelako ikastaroak, aisialdirako eskaintza zabala egoten da herrian. Alabaina, urritasun intelektualen bat duten gazteek ez dute halako aukerarik izaten. “Beste gazte guztien beharrak bezala, haienak ere estali egin behar genituela ikusi genuen”, adierazi du Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak.
Azpeitiko eta Azkoitiko udalek elkarrekin prestatu dute urritasun intelektuala duten gazteentzako eskaintza, eta gaur arratsaldean aurkeztu dute, Atzegiren eta Txolarteren egoitzan. Goenagarekin batera, han izan dira Sonia Vazquez Azkoitiko Udaleko Gizarte Ongizate zinegotzia, Nerea Gago Azpeitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako arduradun teknikoa, Aloña Larrañaga Jauzika Heziketa Elkarteko arduraduna eta Nekane Ariztondo eta Esther Olaizola Atzegiko ordezkariak.
Abiapuntua, gurasoen eskaera bat
Guraso talde baten eskaera egon da abiapuntuan. Ikasturte honetan, Izarraitz Lanbide Heziketan, urritasun intelektuala duten gazteentzako prestakuntza egokituaren proiektu pilotu bat jarri dute martxan. Han ikasten ari dira Azpeitiko eta Azkoitiko bost gazte. “Ikasturtea, ordea, ekainaren 5ean bukatu dute, eta irailera arte ez dira berriro hasiko. Zer egin hiru hilabete baino gehiagoan?”, kontatu du Ariztondok, udako eskaintzan parte hartuko duen gazte baten amak.
Azaldu duenez, urritasun intelektualen bat duten herriko beste zenbait gazte ere egoera berean egon zitezkeelakoan, Azpeitiko Udalera jo zuten gazte horientzako aisialdirako eskaintza baten eske, euren denbora antolatzeko, harremanak egiteko, gozatzeko eta herriko bizitzan beste edozein gaztek bezala parte hartzeko aukera izan zezaten.
Goenagak azaldu zuenez, Azpeitiko Udalak eskaera jaso zuenean, denbora aldetik ez zegoen aukerarik Gazteria Sailak antolatzen duen eskaintzaren barruan sartzeko. “Gurasoek beraiek hartu dute ekimena, eta lauko taldetxo bat osatuta ekarri digute. Taldetxo horretan Azpeitiko eta Azkoitiko gazteak zeudenez, bi udalok jarri ginen harremanetan, eta eskaintza bat elkarrekin martxan jartzea adostu genuen”. Bi udalekiko esker onak izan dituzte gurasoek. “Dena eskertzeko daukagu. Pozik egongo ginateke gazte gehiago apuntatuko balira ere”.
Zazpi asteko aisialdi eskaintza
Zazpi asteko eskaintza izango da: gaur bertan hasi dira lau gazte, bi begiralerekin, eta uztailaren 24a izango dute azken eguna. Dena den, izena eman nahi dutenek oraindik badute aukera, ekainaren 17ra arte. Urritasun intelektualen bat duten 18 eta 30 urte bitarteko gazteei bideratutako programa da, eta Jauzika Heziketa Elkarteak gidatuko du. Ekintzak taldean egin ahal izateko, parte hartzaileak autonomo samarrak izatea eskatuko da.
“Gaur ekin diogu taldeari, eta gure esperientziatik abiatuko gara. Lehen egunetan, begiraleek taldea ezagutuko dute, eta horren arabera prestatuko dituzte ekintzak. Saiatuko gara kanpoan ibiltzen: igerilekura joan, kiroldegira, dantza egitera...”, azaldu du Jauzikako Aloña Larrañagak.
Informazio gehiago nahi izanez gero, deitu telefono honetara: 943 15 71 61
