Urte bukaerako datuek berretsi dute egoera ekonomiko eta finantzario onean dagoela Azpeitiko Udala
2026/04/15
Azpeitiko Udalak esku artean ditu 2025eko likidazioaren behin betiko datuak, eta apirileko ohiko udalbatzarrean aurkeztu zituen, atzo, Leire Goenaga Ogasun batzordeak.
Hasteko, udalak iaz izandako gastuei eta diru sarrerei buruzko datuak eman zituen. 26,7 milioi euroko aurrekontuarekin hasi zuen urtea, baina hilabeteek aurrera egin ahala, zenbait partida igo egin zituen, bai inbertsioak handitzeko, bai zerbitzu publikoak sendotzeko. Hala, udalaren behin betiko aurrekontua 36,56 milioi eurokoa izan zen.
“Aurreikusitako gastuen gauzatze tasa %79,97koa izan da, gauzatze handia, beraz”, esan zuen Goenagak. Gastuen atal horren barruan, aipatzekoa da urtea amaitzerako esleituta zeudela aurreikusitako inbertsioen %80 (7,46 milioi euro). Iaz bertan amaitu ziren proiektu horietako batzuk: Etxe Alaiko urbanizazioaren lehen fasea, Nuarbeko aparkalekua, Izarraizpe ikastolako patioa, txakur parkeak, bizikleten aparkalekuak... Beste proiektu batzuk, berriz, iaz esleitu arren, aurten ari dira gauzatzen: Done Jakueko topalekua, igerileku aurreko berrurbanizazioa, Urrestilla eta Etxe Alaiko obrak…
Diru sarrerei dagokienez ere, %80koa izan zen gauzatze tasa. “Zerga eta tasen aurreikuspenak ondo bete dira, eta foru funtsetik ere aurreikusi baino %4,32 gehiago jaso dugu”. Horiek horrela, eta kontu hartzaileak egindako txostenaren arabera, aurrekontu egonkortasunaren eta finantza iraunkortasunaren helburuak eta gastu araua bete egin zituen iaz ere udalak.
17,6 milioiko gerakina
Gaur egun, 17,6 milioi euroko gerakina du. Horietatik zati bat hainbat konpromisori lotua dago, eta 12,5 milioi geratzen dira gastu orokorretarako. Mailegu bakarra du udalak (%1,66ko zor bizia), eta datorren urtean likidatuko du.
“Udalaren egoera ekonomikoa eta finantzarioa ona dela baieztatzen diguten datuak ditugu esku artean. Honek aurrera egiteko egonkortasuna eta indarra ematen dio udalari, eta 2030era arteko plan estrategikoan jasotako proiektuak gauzatzeko berme handia”.
Ogasun batzordeburuaren esanetan, baliabide publikoak “eraginkortasunez eta arduraz” kudeatu direla erakusten du gaur egungo egoerak. “Aurrerantzean ere bide beretik jarraitzeko konpromisoa eta betebeharra ditugu, horrela eskatzen duelako gaur egungo ziurgabetasun ekonomiko handiko testuinguruak”.
