Itzulpen automatikoa / Machine translation

  • Kirola

Urtea ondo bukatu eta hobeto hasteko, San Silbestre lasterketa

2025/12/18
Atzo egin zuten probaren aurkezpena udaletxean. Han izan ziren Azpeitiko Udaleko, Xeye atletismo elkarteko, Txolarteko, Erniarraitz bertsozale elkarteko, Marea Urdineko eta Minbiziaren Aurkako Elkarteko kideak.
Urtea ondo bukatu eta hobeto hasteko, San Silbestre lasterketa

Hiru ibilbide egongo dira aukeran aurten ere. 

  • Oinezko edo korrikako froga inklusiboa

Aurtengo edizioak badu mugarri berezi bat: 10. aldiz ospatuko da froga inklusiboa, eta urteurren honen harira, inklusibitateari ikusgarritasun handiagoa eman nahi izan diote antolatzaileek. Txolarteko kideen ekimenez, ibilbide berri eta luzeagoa prestatu da, norberak nahi duen erritmoan egiteko modukoa. Azpeitiko plazatik aterako dira partaideak, eta Erdi kaletik behera, bidegorritik barrena, irteera puntuan amaituko dute.

Ohiko ordutegia baino 15 minutu beranduago hasiko da proba, eta horri esker, irteera gunera iristean, lasterketa motzeko partaideak bertan izango dira, proba inklusiboko partaideak txalotzeko. Parte-hartzaile guztientzat oparitxo bat prestatu da. Korrika egin nahi dutenak modu kontrolatuan joango dira azken metroetaraino, eta oinezkoek, berriz, laguntzaileekin egingo dute ibilbidea.

  • Lasterketa motza: 3 kilometro

Inklusibitateari tartea eman ondoren, 11:30ean hasiko da 3 km-ko lasterketa motza. Iazko ibilbide berbera egingo dute. 12 urtetik gorakoek hartu dezakete parte, eta gehienez 200 partaiderentzat egongo da tokia. Oraindik geratzen dira dortsal batzuk. 

  • Lasterketa nagusia: 6 kilometro

Proba nagusia 12:00etan hasiko da, eta aurtengoan 1.300 partaide baino gehiago bilduko dira. Ibilbide hasieran aldaketa egin da: Zelai Luzetik irten ondoren, Iberotarren plazako errepide bikoitzetik Tren Museo aldera joango dira. Hortik aurrera, iazko ibilbide herrikoi bera izango da.

Iaz ez zen pilaketarik izan, eta aurtengo irteera zabalago honekin, korrikalariek are bide garbiagoa izango dutela uste dute antolatzaileek. Hori bai, taldean korrika egiten dutenei, ahal dutela, erreil osoa ez hartzea eskatu diete.

42K Custom kamiseta bereziak

Berrikuntza nagusi gisa, lehen aldiz kamiseta tiranteduna aukeran jarri dute, korrikalari askok eskatzen zutelako elastiko arinago eta erosoagoa. Hala ere, ohiko manga motzeko kamiseta nahi duenak aukera hori ere izango du.

Erniarraitzi keinua

Erniarraitz  bertsozale elkartearen 25. urteurrena dela eta, euskal kulturaren eta bertsolaritzaren alde lan egiten duen elkarteari keinu berezia egin nahi izan diote San Silbestren.

Sei esalditatik sortutako sei bertso sortu dituzte Erniarraitzeko kideek, eta egunean bertan abestuko dira Azpeitiko kioskoan. Bertsoak ez dira izango eguneko doinu bakarrak: kioskoan zein irteera gunean DJ bana izango dira giroa berotzeko.

Partaidetzaren bilakaera

Azpeitiko Sansilbestre proba hazten ari da urtez urte:

● 2021: 680 partaide (lasterketa bakarra)

● 2022: 796 partaide (lasterketa bakarra)

● 2023: 1.096 partaide (bi lasterketa)

● 2024: 1.221 partaide (bi lasterketa)

● 2025: 1.500 partaide inguru (hiru lasterketa)

Lasterketa parekidea da: emakumeen parte-hartzea %46koa da

Izena ematean ekarpen bat eginez, Minbiziaren Aurkako Elkarteari laguntzeko aukera dago.