Itzulpen automatikoa / Machine translation

  • Kirola

Urteko Kirolariak aukeratzeko bozketa, martxan

2025/12/11
Kirol taldeek nahiz herritarrek egindako proposamenak jaso eta aztertu ostean, prest daude Urteko Kirolari sarietarako hautagaien zerrendak, eta botoa emateko epea ere zabaldu du udalak.
Urteko Kirolariak aukeratzeko bozketa, martxan

Boto-ontzi bana dago kiroldegian eta igerilekuan, eta Internet bidez ere eman ahal izango da botoa galdetegia betez. Abenduaren 15eko (astelehena) 14:00ak arteko epea egongo da botoa emateko.  Honako hauek dira hautagaiak:

URTEKO KIROLARIA (gizonezkoa)

Unai Marrero. Errealeko atezaina. 2023an egin zuen debuta 1. mailan, eta talde nagusiko fitxa du 2024 hasieratik. Euskal Herriko selekzioarekin ere egin du debuta aurten, 2025eko azaroaren 15ean Palestinaren aurka San Mamesen jokatutako partidan.

Arauntza Riderseko mendiko bizikleta taldea. Irristaketa eta mendiko bizikleta sustatzeko eta ikusarazteko borondatezko lan handia egiteaz gain (ibilbideak prestatu, YK Riders festa antolatu…), taldea indartsu atera da han eta hemengo enduro lasterketetan, eta emaitza onak eskuratu dituzte Arauntza Riderseko kideek.

Gorka del Cid. Emaitza bikainak lortu ditu gidariak: Euskadiko lur gaineko rally txapelketan junior kategoriako txapeldun izan da; Euskadiko lur gaineko 1. mailan, txapeldun; RAC Vasco-Navarro txapelketan, junior kategorian txapeldun, eta sailkapen orokorrean bigarren.

URTEKO KIROLARIA (emakumea)

Maite Etxezarreta. Mendian nahiz asfalto gainean, primeran moldatzen da Maite Etxezarreta korrikalaria: Olazagutia-Urbasa mendi lasterketa irabazi du, Etxarri Aranazko Triku Trail mendi lasterketa, Donostiako 10 kilometroko lasterketan bigarren geratu zen…

Izarraitz Igeri Elkarteko nesken talde absolutua. Inge Kabue, Janis Altuna, Nahia Amenabar, Malen Ezama, Aroa Azkune, June Larrañaga, Oihana Otaegi, Ana Agirrezabalaga, Laia Elortza eta Uxue Etxeberria dira talde horretako kideak. Bigarren urtez jarraian, Euskal Herriko Kopan mantetzea lortu dute; hau da, Hego Euskal Herriko 8 talde onenen artean mantentzea, iaz 6. eta aurten 5. postua lortuz.

Malen Astigarraga. Lagun Onak Futbol Taldeko kide izan da azken 12 urteetan, eta aurreko denboraldian utzi zuen taldea.

URTEKO BOLUNTARIOA

Ilunpe Pilota Elkarteko boluntarioak. Gaztetxoenetatik hasi eta helduen kategorietaraino, jende ugarik du herrian pilotan jokatzeko aukera, eta maila profesionaleko partidak ere antolatzen dira, pilotazaleen gozamenerako. Urtez urte elkarteko boluntarioek egiten duten lanagatik da posible hori.

Julen Esteban. Azken hamarkadan Izarraitz Igeri Elkarteko zuzendaritzako kide izan da, eta bere gain hartu ditu hainbat  lan eta ardura, jarrera eredugarriarekin hartu ere.

Jose Maria Perez. 15 urte darama Lagun Onak Futbol Taldeko gizonezkoen Hirugarren Mailako taldearen delegatu lanak egiten.