Xabier Aranbarri Sorkuntza Bekek, zazpi onuradun
2026/06/10
Guztira, 20.000 euro bideratuko ditu udalak beketara. Aitor Larrañaga zinegotziak gogora ekarri duenez, 2017tik ematen dira sorkuntza bekak, eta urtez urte sendotuz eta ezagunago bihurtuz joan dira. "Euskal Herri osoko sortzaileengana iristen diren bekak dira, gaur hemen zaudeten sortzaileok horren erakusgarri, eta horrek poz handia ematen digu". Aurten, gainera, iaz hil zen Xabier Aranbarri Kulturazeko kudeatzailearen omenez, haren izena hartu dute.
Bekadunek, diru laguntzaz gain, Kulturazen aholkularitza eta Dinamoa sormen guneko, Soreasuko eta Sanagustineko baliabideak izango dituzte eskura. Enok Sudupe Kulturazeko kideak nabarmendu duenez, programaren helburua ez da soilik emaitza bat lortzea, baizik eta sorkuntza prozesua bera sustatzea: ikertzea, saiatzea eta esperimentatzea.
Martxoaren amaieran proiektuen lagin bana aurkeztuko dute sortzaileek, eta aurten topaketa bat ere antolatuko dute, parte-hartzaileen arteko harremanak eta esperientzien trukea sustatzeko.
AURTENGO ONURADUNAK
Kultur sorkuntzaren modalitatea
- Iñaki Andres, Olatz Aguado eta Edurne Nuñez (Fake): “Gure proiektuan kritika bat proposatu dugu: sare sozialetan zer den egia eta zer den gezurrari buruz, guztiaren manipulazioari buruz. Ni [Iñaki] jantzigintzako diseinatzailea naiz, eta prozesu honetan egingo dut jantzi modelo bat, eta testuinguruan jarri; ondoren, Olatzek testuinguruaren, modeloaren eta jantzi horren argazki bat egingo du; Edurne, berriz, diseinatzaile grafikoa da, eta adimen artifizialarekin irudi hori manipulatuko du. Eta proposatzen dugun galdera da: zein da egia?”.
- Irati Gallastegi eta Izei Gallastegi (poesia liburu ilustratua): “Gure proposamena da poesia liburu ilustratu bat ateratzea. Nik [Irati] idatziko dut, eta nire neba Izeik ilustrazioekin parte hartuko du. Gure etxean musika ere beti egon denez presente, pentsatu dugu behin liburua atera eta gero, aurkezpenetan arlo musikal hori gehitzea. Emakume gazte baten ikuspuntutik gaur egungo mundua nola ikusten dudan jorratu nahi dut proiektu honekin”.
- Ane Odriozola eta Irati Oskoz (Hau ez da pareta bat): “Arte Ederrerako ikasleak gara. Gure asmoa kale interbentzioak egitea da. Iratik gehiago lantzen du irudia eta hitza nola uztartu, eta nik [Ane] argazkilaritza eta eskultura. Orain hirugarren maila egin dugu, eta lehen mailan edo sortu zitzaigun ideia. Beldurra galtzeko ondo etorriko zaigu beka hau, eta aparkatuta genuen proiektu horri heltzeko aukera izango dugu”.
- Aiora Urbieta Eizagirre (Etxe bat basoan, baso bat etxean): “Arte Ederrak ikasi nuen, eta eskuekin lan egitea interesatu izan zait beti. Orduan hasi nintzen pigmentu naturalekin esperimentatzen. Gero, urte askoan sendabelarrekin lan egin dut, transmisioan batez ere. Liburu bat ere atera nuen. Gerora jakin dut nire birramonak eta aurrekoek sendabelarrekin lotura handia zutela, baina garai hartan hain mehatxatuak zeudenez, familiako transmisioa moztu egin zen. Proiektu honetan, pigmentu naturalak, aurrekoen memoria eta sendabelarrak erdigunean jarri nahi ditut”.
- Joanes Karrera (hitzaldia): “Nire familian, orduz lehen, bi pertsona joan dira: kulturarekin lotura handia zuten bi osaba. Prozesu horiek asko erakutsi didate, eta artistikoki ere asko mugitu naute. Orain arte, nire arlo artistikoa gehiago plasmatu dut irudigintzan eta marrazkietan, baina iruditzen zait halako esperientzi pertsonal bat hitzez, keinuz eta begiradaz hobeto transmititzen dela irudi hutsez baino, eta doluari eta inguruko guztiari buruzko hitzaldi txiki baten proiektua aurkeztu dut. Hain gauza txar batek bere inguruan mikroklimak bezala sortzen ditu, eta hori ere azaldu nahi dut, eta antzeko egoeran daudenei babesa erakutsi, parez pareko ikuspuntu batetik, eta ez psikologo baten ikuspuntutik. Gainera, ni nago mundu helduaren eta gazteen munduaren artean. Senide gazteagoak ditut, eta haiei hau nola esplikatu zaien kuriosoa egin zait. Helduek nola sufritzen duten ere ikusi dut, eta hori dena azaldu nahi dut hitzaldi txiki batean”.
Kultur egonaldien modalitatea
- Nahia Sillero ((Min)tzaira): “Nire proiektuak (min)tzaira izena du, nahi ditudalako elkartu mina eta lengoaia. Poesia eszenikoa eta unibertso sonoroa uztartu nahi ditut. Konturatu nintzen nire sormen prozesu guztian hizkuntza asko daudela: nire familia Asturiaskoa da, ni hemen jaio nintzen, baina aitak ez daki euskaraz... Nire sormen prozesuan, euskararen eta erdararen artean gatazka bat izaten dut beti, eta nire proiektuaren abiapuntua da ikertzea zer lengoaiak egiten gaituen, zer motatan sortzen dudan euskaraz, zer motatan erdaraz...”.
- Itziar Manero eta Libe Estebaranz (Festa bukatzean): “Euskal kantangintzaren berrikuspena egin nahi dugu. 1970eko hamarkadara bidaiatu nahi dugu, antzerki dokumentalaren bidez, eta ikuspuntu feminista baten bidez berreskuratu nahi ditugu mundu berri bat eraikitzeko leloak. Euskal Herrian emandako mugimendu artistiko eta politikoak ikertu nahi ditugu, ez hainbeste nostalgia ariketa bezala, baizik eta orainera eta etorkizunera ekartzeko, desberdintasunak, paralelismoak eta abar aurkitu nahian. Soinu collagea ere nahiko presente egongo da”.
