Machine translation

Xalto Xaltuek, hiru eguneko festa egitaraua haurrentzat

2026/06/05
Udalekuei hasiera eman aurretik, ikasturteari amaiera emateko unea iritsi da udal ludoteketan. Horretarako, azken urteotan ohiko bihurtu den Xalto Xaltuek egitasmoarekin datoz. Herritar guztiei zuzendutako ekintzak prestatu dituzte ekainaren 8rako, 9rako eta 10erako.
Xalto Xaltuek, hiru eguneko festa egitaraua haurrentzat

Ekainaren 8an, astelehena, txupinazoa botaz hasiko dute Xalto Xaltueken egitaraua, 17:30ean, Jose Antonio Agirre plazan. Han izango dira hurrengo bi egunetako ekintzak ere, ordu berean: ekainaren 9an, bingoa egingo dute; ekainaren 10ean, berriz, Axpin, Antolin eta Carmelin pailazoen emanaldiaz gozatzeko aukera izango dute haurrek. 

Ludoteketatik herritar guztiak gonbidatu dituzte ekintzetan parte hartzera. Era berean, gogorarazi dute jarduerak egiten diren bitartean haurrak gurasoen edo tutoreen ardurapean egongo direla, eta ez ludotekako hezitzaileen ardurapean.

Gaztelekuan ere, ekintza bereziak

Gaztelekuan ere aste berezia izango dute aurretik. Asteartean (ekainak 9) Iago Magoren ikuskizuna izango dute; asteazkenean (ekainak 10) ping-pong txapelketa; eta ostegunean (ekainak 11), bazkari eta bingo musikatuarekin emango diote amaiera ikasturteari. Ekintzetan parte hartu nahi duten gazteek aurrez izena eman beharko dute Gaztelekuan bertan. 

Ludoteketakoek aste honetan egin dituzte ekintza berezi horiek: mendi irteera, hondartzara irteera…