Machine translation

Zabalik dago negozio berriak martxan jartzeko ekintzaileentzako dirulaguntzen deialdia

2026/10/30
Negozio propioa martxan jartzeko ideia bat duzu, baina ez dakizu nondik hasi? Zure proiektua bideragarria den aztertu nahi duzu? Iraurgi Berritzenek, Azpeitiko Udalaren eskutik, aukera bat eskainiko die beren negozio ideia garatu eta etorkizunean jarduera ekonomiko propioa martxan jarri nahi duten pertsonei.
Zabalik dago negozio berriak martxan jartzeko ekintzaileentzako dirulaguntzen deialdia

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2026ko ekintzaileentzako laguntzen deialdiari esker, hautatutako pertsonek 2.000 euroko oinarrizko dirulaguntza jaso ahal izango dute beren negozio ideia lantzeko. Zenbateko hori %15 handituko da 30 urtetik beherakoen kasuan, eta beste %15 emakumeen kasuan. 

Ideiatik negozio proiektura, lagunduta 

Laguntza ekonomikoaz gain, ekintzaileek beren ideia aztertzeko, garatzeko eta negozio bideragarri bihurtzeko beharrezko tresnak eta aholkularitza jasoko dituzte. Horretarako, azaroaren 12an hasiko den prozesuan, parte hartzaileek banakako tutoretza saioak izango dituzte, hiru eta bost hilabete arteko epean. Saio horietan, negozio ideia landu, haren bideragarritasuna aztertu eta jarduera ekonomikoa martxan jartzeko urratsak prestatuko dituzte. 

Programa Azkoitia, Azpeitia, Aizarnazabal, Beizama, Errezil eta Zestoako ekintzaileei zuzenduta dago. Dirulaguntza eskuratzeko, besteak beste, 18 urtetik gora izatea, langabezian eta enplegu eskatzaile gisa izena emanda egotea, negozio ideia bat edukitzea eta aurreko urtean jarduera ekonomiko propioan alta emanda egon ez izana eskatzen da. Lanaldia %30etik gorakoa ez duten pertsonek ere parte hartu ahal izango dute, gainerako baldintzak betez gero. Era berean, parte-hartzaileek beren proiektua garatzeko konpromisoa hartu beharko dute, eta tutoretza-prozesua amaitu ondoren, gehienez hiru hilabeteko epean, jarduera ekonomikoari alta eman beharko diote. 

Zortzi ekintzailerentzat

Interesa duten pertsonek azaroaren 20a baino lehen aurkeztu beharko dute eskaera, Azpeitiko Udalaren bitartez. Programak zortzi ekintzaileri laguntzeko aukera aurreikusten du. Negozio ideia bat baduzu eta hura errealitate bihurtzeko lehen urratsak eman nahi badituzu, jarri harremanetan Iraurgi Berritzenekin 688718777, Alazne Larrañaga) edo Azpeitiko Udalarekin (HAZ).