Itzulpen automatikoa / Machine translation

  • Adinekoak

Zaintzen egoera ezagutu eta ateratako ideietako batzuei buruz hausnartu dute zaintza topaketan

2025/10/01
Azpeitiko Udalak zaintzaren inguruko errealitatearen azterketa kualitatiboa egin du, Zabalduz gizarte ekimeneko kooperatibaren laguntzarekin eta Matia Fundazioaren aholkularitzarekin. Diagnostiko hori herriratzeko asmoz, zaintza topaketa egin zuten atzo arratsaldean, eta dozenaka lagun elkartu ziren.
Zaintzen egoera ezagutu eta ateratako ideietako batzuei buruz hausnartu dute zaintza topaketan

Nagore Alkorta alkateak eta Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuen batzordeburuak hartu zuten hitza aurrena, eta herriko egoerari buruzko zenbait datu eman zituzten. Azpeitiko biztanleria zahartzen ari dela azaldu zuten. 2031rako, azpeitiarren laurdena 65 urtetik gorakoa izango da, eta horietatik %25 bakarrik biziko dira.

Kalkulatzen da hurrengo hamarkadan %34 haziko dela mendekotasuna dutenen kopurua (gaur egun, 65 urtetik gorako 550 herritar inguruk dute mendekotasun balorazioa, gradu guziak kontuan hartuta). “Administrazio publikoak bakarrik ezin dio aurre egin iraupen luzeko zaintzaren erronkari; noski, ezta familiak berak bakarrik ere”, esan zuen Goenagak. Uneotan, 154 erabiltzaile ditu etxez etxeko zerbitzuak; 24 gaueko etxeko laguntza zerbitzuak; egoitzako erabiltzaileak 94 dira; eguneko zentrokoak 57; 22 pertsona bizi dira Biziberri etxeetan; eta 35 erabiltzaile dituzte eguneko unitateek.

“Adinekoei galdetuz gero, gehienek diote ahal duten bitartean etxean bizitzen segi nahiko luketela; etxean, edo etxean bezala bizi nahi dutela. Etxean bai, baina nola? Hor dago gakoa”. Erronka kolektibo horri heltzea da Zaintza Mahaiaren helburua, eta atzo aurkeztutako diagnostikoa abiapuntu bat izango da.

Partaidetza zabala

Erakunde publikoek, pribatuek eta komunitarioek, familiako zaintzaileek zein zaintzaile profesionalek eta zaintzak jasotzen dituzten pertsonek hartu dute parte azterketan. Horretarako, galdetegiak bidali ziren etxe guztietara, 16 eragiletako 47 pertsona elkarrizketatu ziren taldeka, eta banakako bost elkarrizketa ere egin ziren.

Zabalduzeko eta Matiako kideek atzo azaldu bezala, helburua izan da zaintzaren inguruko ikuspegi guztiak jasotzea. Txosten batean jaso dira ateratako ondorio nagusiak. Besteak beste, ideia hauek aipatu dituzte parte hartzaileek: zaintza ez dela soilik pilulak ematea, kafe bat hartzeko geratzea ere badela; zaintza ez dela ikusten behar den arte, eta ez dagoela ikuspegi prebentiborik; zaintza ez dela erakundeen ardura bakarrik, eta ezta auzokoena bakarrik ere… Taldeka, esaldi horiei buruz hitz egiteko aukera izan zuten atzoko topaketan.

Etorkizuneko urratsak

Aurrera begira, beste topaketa bat antolatuko da udazkenean, beste herri batzuetan egiten ari diren esperientzia interesgarri batzuk ezagutzeko. Bien bitartean, Zaintza Mahaiak ere lanean jarraituko du, zaintza plan bat diseinatzeko. Plan hori izango da datozen urteetako Azpeitiko zaintza ereduaren oinarria.