Itzulpen automatikoa / Machine translation

  • Udala

Zarauzko hilketa matxista salatu du udalak

2025/10/17
Zarauzko hilketa matxista salatu du udalak

Zarautzen hil duten emakumearen erailketa matxista salatu nahi du udalak. Hildakoaren senitarteko zein gertukoei bere elkartasuna adierazteaz gain, hilketa salatzeko Azpeitiko Sare Feministak, gaur, ostirala, 18:30ean, plazan antolatu duen elkarretaratzearekin bat egiten du. Urtea hasi zenetik Euskal Herrian izan den bosgarren erailketa matxista izan da. 130 dira Euskal Herrian 2003tik erregistratutako hilketa matxistak.

Azpeitiko Udalak ozen adierazi nahi du, beste behin ere, ez duela onartuko giza eskubideen urraketarik; ez Azpeitian eta ez beste inon ere. Eta urraketen aurrean, modu aktiboan jokatzea herritarron ardura ere badela gogorarazi nahi du.

Emakumeen aurkako indarkeria egiturazko arazo bat da, emakumeak kontrolpean eta mendean izan nahi dituena. Beraz, indarkeria hori ez da ekintza bakartuen edota azalpenik gabeko gertakarien emaitza. Aitzitik, generoen gaineko aurreiritziak, gizartean aski errotuta dauden horiek dira, hain zuzen, halako ondorio larri eta tamalgarrien sortzaile. Hilketa matxista emakumeen aurkako indarkeriaren muturreko espresioa da, eta erasoei aurre egiteko ezinbestekoa da gizon eta emakumeen arteko berdintasun balioak sustatzea.

Horregatik, Azpeitiko Udalak, gainerako erakunde publikoekin batera, lanean jarraituko du berdintasunaren oinarriak auzitan jartzen dituen arazo sozial larri honi irtenbidea bilatu beharra daukagulako denon artean. Eraso oro gaitzestea, indarkeriari aurre egiten dioten emakumeei babesa ematea, prebentzio eta sentsibilizazio lanean jarraitzea eta baliabideak bideratzea.

Erasoren baten aurrean, honako telefonoetara dei dezakezu:

  • Gizarte Zerbitzuak: 943157192
  • Udaltzaingoa: 092 edo 943 15 13 13
  • Emakumeen Txokoa: 688751000
  • Ertzaintza: 112