Zestoatik Izarraizpe ikastolara doazen ikasleen autobusak Garmendipeko futbol zelaiaren ondoan geratuko dira datorren astetik aurrera
2026/04/14
Eskola bideak seguruagoak izateko ekimenari lotuta, eta Garmendi auzoan zenbait unetan sortzen diren trafiko arazoak arintzeko asmoz, geltoki berri bat egokituko du udalak auzo bereko 13 eta 17 zenbakien artean; hau da, Garmendipeko goiko futbol zelai artifizialaren parean.
Zestoako ikasleak Izarraizpe ikastolara ekartzen dituzten autobusak geratuko dira han; zehazki, DBHko ikasleak garraiatzen dituzten bi autobus handi eta txiki bat. Horrez gain, ibilaldietarako ere geltoki hori erabiliko dute.
Udala gaur hasi da geltokia egokitzeko lanekin, eta lekualdaketa datorren astean egitea aurreikusten da. Lehen egunetan, Udaltzaingoak ere lagunduko du aldaketara egokitzen. Eskola egunetan, 08:00etatik 09:00etara eta 14:00etatik 15:00etara, autobusentzat erreserbatuko da geltokia, baina gainerako ordu tarteetan beste ibilgailuek ere izango dute aparkatzeko aukera. Eremu horretako zebrabideak ere txukunduko ditu udalak.
Ikasturte honetan, Izarraizpe ikastolan bertan, baina Perdillegiko eraikinaren aurrean, autobus geltokia handitu da, oinezkoen segurtasuna hobetzeko.
