Machine translation

400.000 euro, herriko ekonomikoa bultzatzeko

2026/07/23
Azpeitiko Udalak aurten ere 400.000 euro bideratuko ditu herriko ekonomikoa sustatzeko laguntzetara. Interesa duten enpresa, autonomo, merkatari eta ekintzaileek urriaren 15era arte aurkeztu ahal izango dituzte eskaerak, udal egoitza elektronikoaren bidez, udaleko erregistro orokorrean edo Azpeitia Berritzenen bulegoan.
400.000 euro, herriko ekonomikoa bultzatzeko

Ohi bezala, lau lerrotan banatu da dirulaguntza programa: zerbitzu sektorean eta lehen sektorean jarduerak indartzera bideratutako dirulaguntzak; industria proiektu estrategiko edo berritzaileak eta eraikuntza sektoreko proiektuak sustatzen laguntzeko dirulaguntzak; ekintzailetasuna sustatuz, bereziki gizarte-ekonomian eta izaera estrategikoa edo berritzailea duten jardueretan enpleguaren sorrera bultzatzeko dirulaguntzak; eta lehen sektorean, zerbitzuen sektorean, ostalaritzan nahiz industrian enplegua sustatzeko dirulaguntzak.

Herriko ehun ekonomikoaren beharretara egokitzeko ahalegina eginez, zenbait berrikuntza dakartza aurtengo deialdiak:

  • Bertako produktuen kontsumorako laguntzak: dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 8.000 eurotik 12.000 eurora igo da, tokiko produktuen kontsumoa sustatzeko.
  • Zerbitzu sektoreko inbertsioak: diruz lagundu daitezkeen inbertsioen artean soinu mugatzaileak instalatzea gehitu da.
  • Jarduera berriak: diruz lagundu daitezkeen jardueren zerrendan 776. jarduera (psikoneurologiako gabineteak) gehitu da.
  • Merkataritza: dirulaguntza jaso ahal izateko, denda fisikoa edukitzea ezinbesteko baldintza izango da, Eusko Jaurlaritzaren MEC laguntzetan aplikatzen den irizpidearekin bat eginez.
  • Ekintzailetza: enpresa bat ekintzaile batek baino gehiagok osatzen badu, Azpeitian erroldatuta dauden ekintzaileek bakarrik jaso ahal izango dute dagokien dirulaguntza. 

Era guztietako negozioentzat

Iaz, onartutako eskaera guztiei erantzun ahal izateko, 400.000 eurotik 483.500 eurora gehitu zuen partida udalak. Izan ere, arrakasta handia dute sustapen ekonomikorako laguntzek. Iazko deialdian, 124 eskaera onartu ziren.

Halako dirulaguntzak, sarri, industriako enpresa handiekin lotzen badira ere, Azpeitiko Udalaren deialdia era guztietako negozioei zuzenduta dago. Azken urteetan, adibidez, ahalegin berezia egin da zerbitzuen sektoreko eta lehen sektoreko negozioetara iristeko. Horren erakusle, 2025eko deialdian, lehen aldiz, lehen eranskineko lerroan (zerbitzu sektorean eta lehen sektorean jarduerak indartzea) aurkeztu eta onartu ziren eskaera gehien: 67 eskaera, eta 174.338 euro bideratu zituen udalak lerro horretara. Besteak beste, inbertsioak egiteko, bertako produktuen kontsumorako eta jarduera berriak martxan jartzeko eskatu zituzten laguntzak.

Iazko datu batzuk

  • Onartutako eskaerak: 124
  • Dirulaguntzetara bideratutako kopurua: 483.417 euro
    • 1.      eranskina: zerbitzuen sektorean eta lehen sektorean jarduerak indartzea: onartutako 67 eskaera (174.338 euro)
    • 2.      eranskina: industria proiektu estrategiko edo berritzaileak eta eraikuntza sektorea: onartutako 19 eskaera (156.829 euro)
    • 3.      eranskina: ekintzaile sustatuz, bereziki gizarte-ekonomian eta izaera estrategikoa edo berritzailea duten jarduerak: onartutako  22 eskaera (173.000 euro)
    • 4.      eranskina: lehen sektorean, zerbitzuen sektorean, ostalaritzan nahiz industrian enplegua sustatzea: onartutako 25 eskaera (79.250 euro)

OINARRIAK ETA ESKAERA ORRIAK