Machine translation

Nagore Alkorta alkatea Zaragozan izan da Inaziotar Bidea sustatzeko hitzarmenaren sinaduran

2026/07/09
Inaziotar Bideko Udalerrien Elkarteak eta Jesusen Lagundiak lankidetza hitzamena sinatu dute, gaur eguerdian, Zaragozan (Espainia). Hitzarmenaren helburua da Inaziotar Bidearen sustapen turistikoa indartzea eta erakundeen arteko elkarlana sendotzea ibilbidea garatzen jarraitzeko. Ekitaldian izan da Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea.
Nagore Alkorta alkatea Zaragozan izan da Inaziotar Bidea sustatzeko hitzarmenaren sinaduran

Hain zuzen ere, 1522an Loiolako Inaziok egindako bidea gogoratuz, Loiola eta Manresa lotzen ditu Inaziotar Bideak. Azpeitia abiapuntutzat hartuta, 650 kilometro inguruko ibilbidea da, eta 92 udalerritatik igarotzen da. Gaur egun, udalerri horien %80 inguru dira Inaziotar Bideko Udalerrien Elkarteko kide.

Elkarteko lehendakariordea da Alkorta, eta hitzarmena sinatu ostean, bilera batean parte hartu du Jordi Hereu Espainiako Industria eta Turismo ministroarekin, Natalia Chueca Zaragozako alkatearekin, Marc Aloy Manresako alkatearekin, Xavier Amor Kataluniako Generalitateko Toki Gobernuen idazkariarekin eta Fernando Beltran Espainiako Gobernuak Aragoin duen ordezkariarekin batera.

Gaur sinatu duten hitzarmenean jaso dutenez, datozen urteetan seinaleztapena eta irisgarritasuna hobetzeko, sustapen digitala indartzeko eta ibilbidean dauden udalerrien arteko koordinazioa sendotzeko lan egingo dute. Helburua da Inaziotar Bidea kalitatezko turismo kultural eta espiritualaren erreferente bihurtzea.

Urtarrilean, Fitur nazioarteko turismo azokan ere aurkeztu zuten Inaziotar Bidea.