Indarkeria matxista
Indarkeria matxista emakumeak eta LGTBI+ pertsonak menderatzeko erabiltzen den indarkeria mota da, bere funtzioa sistema heteropatriarkala sostengatzea izanik. Sistema sozial eta kultural horrek, generoaren ikuspegi bitarra inposatzen du, emakumea-femeninoa eta gizona-maskulinoa identitate legitimo bakar gisa identifikatuz. Era berean, heterosexualitatea eta familia eredu nuklearra bizimodu natural, normal eta bakartzat onartzen ditu. Hori horrela, ulertzen da indarkeria matxistaren baitan hainbat biolentzia mota sartzen direla, hala nola indarkeria sexista (emakumeen aurkakoa denean), transfobia, lesbofobia edo genero barruko indarkeria, besteak beste. Esan gabe doa, horiek guztiak askotariko moldeetan eman daitezkeela, esate baterako, indarkeria fisikoa, psikologikoa, ekonomikoa edota sexuala.
Azpeitiko Udalak gogor gaitzesten ditu indarkeria matxistaren adierazpen guztiak, eta etengabe lan egiten du egiturazko arazo hori desagerrarazteko. Horretarako, bere baliabideak hiru ardatz nagusitan indartzen ditu: prebentzioa, esku-hartzea eta erreparazioa. Ildo horretan, arazo horri aurre egiteko berariaz diseinatutako hainbat baliabide jartzen ditu herritarren eta, bereziki, emakumeen eta LGTBI+ kolektiboko pertsonen eskura. Horien artean daude aholkularitza-juridikoa zein -psikologikoa, jabetze eskolak, indarkeria bizi (izan) duten emakumeentzako taldeak, Emakumeeen Txokoko harrera zerbitzua eta kasu bakoitzaren behar espezifikoen arabera diseinatutako erreparazio planak, besteak beste.
Udal protokoloak eta gidak
- Erakunde arteko jarduera eta koordinazio protokoloa (PDF)
- Udalaren erabaki eta jarduketa publikoei buruz (PDF)
- Jaietako protokoloa (PDF)
- Baliabideen gida (PDF)
- Indarkeria matxistaren gida (PDF)
Zerbitzuak
Emakumeen Txokoan, besteak beste, indarkeria matxistari aurre egiteko baliabideak eskaintzen dira. Horien artean, ondorengo hauek daude:
- Orientazioa eta arreta
- Aholkularitza juridikoa (PDF)
- Jabetze eskolak (PDF)
- Indarkeria bizi (izan) duten emakumeentzako taldeak (PDF)
- Erreparazio planak